OTAKU NO CANVAS

 

1. Jauzi bat bi munduen artean

Bada irudi bat beti nigana itzultzen dena: otaku japoniar bat pantaila distiratsuegi bati begira, hurbilegi, biziegi. Otaku no bideo filmean — Hideaki Annoren film erdi-autobiografikoan, belaunaldien dokumentu gisa nahiz mito jatorriaren gisa funtzionatzen duena — ia konturatu gabe, fan hori sortzaile bihurtzen da. Kontsumitzen duena kutsatzen hasten zaio, gero mugitzen, gero leku propio bat eskatzen. Fana, otakua, ikusle izateari utzi eta sortzaile bihurtzen da.

 

Joan-etorri hori, bi munduren arteko jauzi hori, Otaku no Canvas proiektuaren motorra da.

 

Neure buruari galdetu nahi diot zer gertatzen den indar hori — jabetze, omenaldi, obsesio eta birnahasketa nahia — pintura bezalako adierazbide zahar batean bideratzen denean. Nola margotzen da pantailek, bideojokoek, memeek, pop ikonografiak eta kultura altu eta baxuaren arteko hierarkiak ulertzen ez dituen kulturak modelatua izan eta gero? Nola margotzen dira superflatak, Michel Majerusen sampling bisualak, Polkeren ironia elektrikoak, Pollocken keinuaren indarkeriak edo Oehlenen ezegonkortasunak entrenatutako begi batetik. Nola margotzen du artista batek, halabeharrez, fan bat denean.

 

Proiektu hau Hondarribian sortu da, baina Japoniara begira. Eta hau osatzeko, hara bidaiatu nahi dut.

 

2. Zer gertatzen da zale baten artxibo bisuala — irudi metatuak, obsesioak, ikonoak, pantailak, pertsonaiak — materia piktoriko bihurtzen denean?

 

Hondarribia Sormen Hiria 2026ko bekak aukera emango dit galdera hori garatzeko, kapitulukako nobela bat balitz bezala, fase desberdinetako ikerketa bat, bakoitza azken pinturetara iristeko beharrezkoa. Baina pintura, prozesuaren azken geruza baino ez da izango: azpian collagea, bideo laburrak, atzemandako argazkiak, oharrak, zirriborro eta hausnarketen koadernoak, inpresio digitalak... egongo dira. Fan garaikide batek kontsumitzen duen guztiaren arrastoak egongo dira.

 

Hondarribiko nire estudioa laborategi gisa funtzionatuko du: espazio honetan artxiboak berrantolatu, kutsatu, desmuntatu eta berriro elkartzen saiatuko naiz. Koloreak, konposizioak eta testurak probatuko ditut. Inprobisatu, akatsak egin, berriz hasi, saiakerak errepikatu eta sampleatu. Bertan, Irudien kultura garaikidearen saturazioa pinturaren hizkuntza geldoago eta materialago bihurtzeko moduak landu nahi ditut. Laborategiko lana indusketa-prozesu bat izango da.

 

Polkek dioen bezala: "artea adierazezina dena komunikatzeko modu bat da"; eta Majerusek dioen bezala: "irudiak, birus gisa, beti bilatzen dute non atxikitu". 

 

Irudiak nola atxikitzen zaizkit ikusi nahi dut.

 

3. Japoniara itzultzea beharrezko kapitulua da

 

2026ko azaroan, Tokiora bidaiatuko dut ikerketa honetako pieza batzuk SOMSOC Gallery-an erakusteko. Shibuyan dago, moda, artea, bideojokoak eta Japoniako Pop kulturaren arteko gurutzagunearen erdigunean. Munduen arteko zubi modura diseinatutako leku honetan: arte garaikidea eta ikonografi popularra, fisikoa eta digitala, intimoa eta kolektiboaren artekoa bateratzen dira. Proiektuaren izaerarekin ezin hobeto bat datorren kokagunea da.

 

Nire lana han erakustea ez da azalpen-ekintza bat bakarrik izango: prozesuaren funtsezko zati bat izango da. Une honetan proiektua momentu berezi batean sartuko da, lanek lehen aldiz hartuko dute arnasa Japonian, artelanen geruzak beste sentsibilitate batetik irakurtzeko gai den publikoaren aurrean. Azaroan, erakusketaz gain, hitzaldi txiki bat eta tailer bat egingo ditut.

 

Bidaiak, halaber, zuzeneko elkarrizketa bat sortzea erraztuko du Japoniako artistekin, kultur dinamizatzaileekin, galeristekin eta, batez ere, beste fans-sortzaile batzuekin, horiek barrutik bizi baitute honera urrutiko irudi gisa iristen den hori. Nire obra han nola jasotzen den ikusi nahi dut, ze nolako oiartzuna duen, zer aktibatzen duen, zer itzultzen duen. Hotz edo zarata horiek proiektuaren parte izango dira.

 

Artea norbaiti eman diotena itzultzeko ekintza da. Esker oneko ekintza bat.

 

4. Itzulera itxiera (edo hasiera) gisa

 

Behin Hondarribira itzulita, 2026ko abenduan (edo 2027ko urtarrilean), Maddalen Artgunean aurkeztuko dut proiektu honetarako egindako lanak: pinturak, bai, baina baita prozesuak, ikusten ez diren geruzak, collageak, bideoak, bidaiaren egunerokoa, alboan dudan imajinarioen mapa ere. Maddalen tailer gisa erabili nahi dut eta formatu handiko pieza bat egin erakusketarako. Koadro honek proiektu honekin esperimentatutako guztia irudikatuko du. Maddalenen ateak zabalik egotea proposatzen dut eta bisitari guztiek formatu handiko koadroa egiteko prozesuaz gozatzeko aukera ahal izatea.

 

Laburpen gisa eta itzulera-keinu gisa funtzionatuko duen erakusketa izango da: ikasitakoa, bizitakoa eta behatutako guztia udalerrira bueltan ekarriaz. Izan ere, bekak sorkuntza bultzatzeaz gain, esperientzia partekatzea eta tokiko kultura-ehunaren parte bihurtzea eskatzen bait du.

 

5. Zergatik proiektu hau orain

 

Irudiz osatutako ekosistema batean murgilduta bizi gara, non jada ez dagoen argi guk irudiak kontsumitzen ditugun ala irudiek gu bereganatzen gaituzten. Pantailek keinuak, desioak eta erritmoak moldatzen dituzte. Artea jada ez da diziplina isolatu bat: erreferentziaz betetako itsaso baten erdian dagoen korronte bat da. Paisai horretan, fana XXI. mendeko figura nagusi bihurtu da: edukiak sortzeko, komunitateak antolatzeko, narratibak berriz nahasteko eta kultur materialak eraldatzeko gai delako.

 

Otakua da bere bertsiorik erradikalena: bildumagile konpultsiboa, irakurle obsesiboa, mundu-sortzailea. Ukitzen duen guztia eraldatu egiten du. Otaku no Canvasek pinturatik aztertu nahi du fenomeno hori. 

 

Pantailaren eta mihisearen artean tarteko espazio bat dago, non zerbait berria eratzeko da: keinu hibrido bat, oraindik izenik ez duen, adeirazpen-hizkuntz estetiko bat. Espazio horixe da Otaku no Canvas‑en jardun-eremua.